Larrialdi Sozialeko Talka Plana

Plan de choque emergencia social 2020
Plan de choque emergencia social 2020
Larrialdi Sozialeko Talka Plana

Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzan lehentasunezkoa iruditzen zaigu 2020rako gizarte-larrialdiko talka-plan bat lehenbailehen prestatzea. Edozein egoerari aurrea hartzea ezinbestekoa da politikan, eta herritarrek hori eskatzen dute. Gure kasuan, sortutako larritasun eta ziurgabetasun egoerari politika publikoekin erantzutea dagokigu. Jakin badakigu udal gobernua kontuen birformulazioari buruz pentsatzen ari dela dagoeneko, eta guk ariketa hori partekatua eta adostua izatea eskatzen diegu.

Argi dago urtarrilean gure aldeko botoarekin onartu genuen Udal Aurrekontu arruntak aldaketa nabarmenak jasango dituela. Udalak diru-sarreren beherakada handia jasango du, bai Foru Aldundiak FOFIM funtsaren bidez egiten duen ekarpenaren murrizketagatik, bai zerga eta tasen bilketan pairatutako jaitsiera nabarmenagatik. Diru-sarreren beherakada nabarmen eta saihestezin horrekin batera, era guztietako gizarte-beharrak ugaritzen ari dira osasun-krisiaren eraginez: kolektibo ahulenei eta babesik gabekoei arreta ematea; negozioa ixtera behartuak izan diren gure hiriko merkatariei laguntzea; autonomoei eta beren proiektuak kolokan ikusten dituzten enpresa txiki eta ertainei, langabeei eta familiei laguntzea.

Atzo, gobernuak jakinarazi zigun datorren astean helaraziko digula aurrekontuak aldatzeko bere planteamendua; zain egongo gara, ildo estrategiko hauek jasoko dituzten gure ekarpenak egiteko:

1. Kontratazioen kapituluan zenbait zerbitzu birpentsatzea. Izan ere, hainbat zerbitzuk pribatizatzen direnen krisialdiei aurre egiteko eraginkortasuna mugatua dutela egiaztatu baita. Pribatizazioei ez.

2. Gizarte-politikei baliabide gehiago eskaintzea eta zergak eta tasak ordaintzean salbuespenak aplikatzea gaizki pasatzen ari diren familiei. Ez ahaztu berdintasunari buruzko politikak, emakumeak baitira krisiaren ondorioak gordinen ordaintzen dituztenak. Berdintasuna eta gizarte-politikak.

3. Enplegua bultzatzeko neurri argiak ezartzea, eskualdeko enpresa-ehunari laguntzea, enplegua sortzeko formula berriak bultzatzea (adib.: kooperatibismoa) eta prestakuntzarako laguntzak areagotzea. Enplegua.

4. Aurrekontuan onartutako partidak aktibatzea, enplegu berdea eta kalitatezkoa sor dezaketen energia-trantsizioko politikei lotuta. Trantsizio ekologikoa.

5. Hiriko kultura-, kirol- eta elkarte-ehunari zuzendutako neurri argiak eta eraginkorrak txertatzea, horrelako geldialdi baten ondoren hain beharrezkoa dena. Kultura eta kirola.

Argi dugu krisi hau ezin dutela berriz ere familia ahulenek ordaindu, eta oraingoan murrizketak goitik behera egitea tokatzen dela. Besteak beste, honako ildo hauek baloratu beharko ditugu: obra publikoko inbertsio jakin batzuk beharrezkoak diren ala ez, alde batera utz ditzakegun zerbitzuak dauden ala ez, eta korporazioaren eta udal-gobernuaren kostua murriztu behar dugun ala ez. Datozen aste eta hilabeteetan erronka izugarria izango dugu denok.