Elkarrekin Podemos IUk oinezkoentzako eremuak proposatzen ditu jendetzak saihesteko

Peatonalizaciones
Peatonalizaciones
Elkarrekin Podemos IUk oinezkoentzako eremuak proposatzen ditu jendetzak saihesteko

Ia bi hilabetez aire zabalean ibiltzera edo kirola egitera irteteko aukerarik izan gabe egon ondoren, aurreko larunbatean 14 eta 70 urte bitarteko biztanleen ordu-tartean bizi genuen egoera, Irungo eremu askotan, alarma-egoera baten barruko irteera kontrolatu bat baino “lasterketa baten irteera” zirudien. Baina ezin diegu errua biztanleei egotzi, hain zuzen ere gure hirian 45.000 pertsona inguru daudelako 14-70 urte bitarteko adin-tartean, eta oinezkoentzako eremuak mugatuak direlako.

Elkarrekin Podemos Ezker Anitzan uste dugu estatu mailan deseskalatzean ezarri diren neurriak beste neurri askorekin osatu behar direla, nola erkidego eta probintzia mailan hala udal mailan, biztanleen osasuna bermatzeko eta gaixotasunaren edozein birsortze saihesteko. Horregatik, gure ustez, Irungo udalak, biztanleekiko erantzukizuna erakutsiz, kaleko irteeretan irundar guztien segurtasuna bermatzeko neurriak pentsatu eta ezarri behar ditu lehenbailehen.

Hausnarketa horri jarraiki, gure taldeak proposamen bat egin nahi du, deseskalatzeak irauten duen bitartean eta adin-tarteen araberako irteera-orduak dauden heinean, motordun ibilgailuen trafikoa murriztu dadin hiriko kale nagusietan eta paseatzeko eremuen alboko kaleetan, adibidez Kolon Hiribidean eta Ibarlako errepidean, eta biztanle-dentsitate handiko hiriguneetan, jende gehien paseatzen eta kirola egiten duen egun eta orduetan: goizeko zortzietatik hamarretara bitarte eta gaueko zortzietatik hamarretara bitarte asteburu eta jaiegunetan. Azken batean, modu horretan pertsonen artean segurtasun-distantzia mantentzeko aukera gehiago emango direla pentsatzen dugu.