Ez dugu onartuko krisi hau betiko jendeak ordaintzea
Duela bi aste Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriek eta Gobernu zentralak agindutako alarma-egoerak aurrekaririk gabeko egoera batean jarri dituzte herritar guztiak, beharrezkoa baita Cove 19 birusaren hedapenari aurre egiteko. Eta kasu horietan guztietan ikasten ari gara kalitatezko zerbitzu publikoen garrantzia baloratzen.
Gure taldeak, lehenik eta behin, positiboki baloratu nahi ditu Irungo Udalaren aldetik pandemia eta horren ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko egindako ahalegin guztiak. Halaber, uste dugu beharrezkoa dela udal gobernuak irekita dituen komunikazio bideak aintzat hartzea, alderdi politikoek ekimenak edo proposamenak egin ditzaten.
Alde horretatik, eta kontuan hartuta konfinamendu-neurriak aste honetatik aurrera luzatuko direla, egin ditugun proposamenak berrikusi nahi ditugu, eta uste dugu orain edo epe ertainean seguruenik hauek izango direla beharrezkoak:
1. Merkataritzako lokaletarako eta ostalaritzarako ur- eta hondakin-tasen kobrantza etetea, ateak ixteko betebeharra izan baitute.
2. Kiroldegietako abonamenduak erabiltzaileei itzultzea, itxituragatik erabiltzen ez direlako.
3. Irungo Udalaren soberakina, 9 milioi eurokoa, erabiltzea kreditu aldaketa bat egiteko, laguntza bereziak handitzeko –laguntza jasotzeko kontzeptu berriak gehitzeaz gain–. Era berean, kreditu-aldaketa erabiltzea Bidasoa bizirik saretik enpresa-ehunari zuzeneko laguntzak zuzentzeko. Eta, Zaisako eta Industrialdeko industrialdeetan alokairuak ordaintzeko epeak luzatzea.
4. Esparru itxietan edo aire zabalean jarduerak egiteko Kultura-arloko aurrekontua erabiltzea Udalaren webetik edo YouTubeko kanaletik telematikoki erabil daitezkeen eta doakoak diren aisia- eta kultura-baliabideak sortzeko. Filmoteketara edo liburuez osatutako datu-baseetara sartzeko abonamenduak ordaintzea herritarrentzat.
5. Euskara arloak euskaraz irakurtzeko materiala, material didaktikoa, jolasak eta ekoizpen eszenikoak (antzerkia, zinea, musika eta telebista) prestatu beharko lituzke, telematikoki eta doan, euskararen ikuspena bermatzeko eta Euskaltegiko ikasleei ikasketekin jarraitzeko aukera emateko.
6. Etxeko Laguntza Zerbitzuaren baliabideak gehitzea, lan-baldintzak hobetuz eta Covid-19ko krisia hasi zenetik eskatzen diren babes-baliabide guztiak emanez.
Punturik garrantzitsuena eta modu bereizian nabarmendu nahi izan duguna hau da: zerbitzu pribatizatuek gaur egungoa bezalako egoerei aurre egiteko eskaintzen dituzten mugak ezagutzea. Osasun-sisteman are nabarmenagoa da, baina gainerako baliabide publikoetan ere bai. Adibide garbi bat TAOren zerbitzua eteteak ekarri duena izan da;izan ere, horren ondorioz, enpresari kalte-ordaina eman beharko dio Udalak. Bestalde, CBA, lorezaintza zerbitzua, kiroldegien kontzesioak, museoa eta beste hainbat zerbitzu bertan behera uzterik ez egotea izan da beste ondorio bat. Udal barrutiak itxita egon arren, beren lanpostuak ez galtzeko bertara joan behar dute azpikontratetako langileak.